Subscribe
Copied to clipboard
Share
Share
Copied to clipboard
Embed
Copied to clipboard
Urpeko Bonbarda
Trailer
Bonus
Episode 17
Season 1
#017 - Kriston martxa dabil (Sarrik idatzitakoak)
urpekoBONBARDA #017
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
Hamazazpigarren saioan, Joseba Sarrionandiaren hitzekin egindako kantuak dakartzagu, idazlea Euskal Herrira itzuli den honetan.
Toots & Maytals jamaikarren "Chatty Chatty" doinuarekin eman diogu hasiera saioari, Kortaturen "Sarri Sarri" mintzagai hartu bitartean.
Kartzelatik ihes egiteko Sarrik Imanol Larzabal zenaren zuzeneko bat baliatu zuela-eta, "Mea kulparik ez" lanetik "Oroimeneko portua" entzun dugu jarraian. Bittor Aiape aspaldikoak sorterriaz abestu digu, eta Ruper Ordorika maisuak aldiz aberriaz, iurretako idazlearekin batera emandako "Memoriaren mapan" diskotik.
Joseba Sarrionandiaren lanez osatutako bi bilduma ere izan ditugu aipagai, batetik 1999an Txalaparta eta Esan Ozenkik elkarlanean plazaratu zuten "Hau da ene ondasun guzia", eta bestetik 2019an Elkar etxeak argitaratutako "Gure oroitzapenak", 12 film laburreko egitasmoa lagundu zuena. Eta saio osoan zehar Gotzon Barandiaranen "Hitzen ahairea" saiakeratxoko pasarteak irakurri ditugu, sarri aipatzen baita bertan Sarri.
Kantuekin jarraituz, oso ezagunak diren zenbait kantuen ezohiko moldaketak ere entzun ditugu: Xenderaineko Ahizpak bikotearen "Hegazti errariak" (Mikel Laboa) edo Juantxo Zeberio Etxetxipiak Et Incarnatus orkestrarekin batera emandako "Gernikan" (Ken Zazpi).
Trepi eta Arawak taldearen "Herri proiektua" eta Jabier Muguruza soinu jolearen "Linguae Vasconum Primitiae" ere berreskuratu ditugu; azken honetan ETBz mintzo da Euskal Telebista zuzenean inoiz ikusi ez duen idazlea. Eta lehen aipagai izan dugun azken bildumatik Mursegoren "Thriller" eta Anariren "Lagun izoztua" hautatu ditugu.
Bi lan berri ere aurkeztu ditugu. Batetik 2020 bukaeran Rafa Ruedak plazaratu zuen "Rueda" lanetik "Hokusairen olatua" kantu ederra, eta Ainara Ortegak plazaratu berri duen "Onin" diskoko "Sorterriko koplak", jazz moldean emanak.
Eta bitxikeria bezala, bukatzeko, Enrique Bunbury, Heroes del Silencio zirenen kantari izandakoak Joseba Sarrionandiari egindako plagioa, inon ez baitu aitortzen "El hombre delgado que no flaqueará jamás" kantuko pasarte batzuk iurretarrarenak direnik: "... en aquella patria la que llaman lejos, allí me podreís buscar donde se cruzan un siglo y un segundo / ...mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua, urrin deritzan aberria", edo "“ene desirak jada ez dira habia abandonatuak besterik... / mis deseos no son ya sino nidos abandonados...".