Subscribe
Copied to clipboard
Share
Share
Copied to clipboard
Embed
Copied to clipboard
Urpeko Bonbarda
Trailer
Bonus
Episode 45
Season 1
#045 - Egunerokotasunaren poeta (Georges Brassens)
urpekoBONBARDA #045
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
Berrogeita bosgarren saioan, frantziar chanson-aren musikaririk nabarmenetako baten kantagintza dakargu, joan den urriaren 22an ehun urte bete baitziren Georges Brassens jaio zela.
Georges Brassens beraren ahotsean "Les Amoureux des bancs publics" eta "Gaizo Margot" entzun ditugu, azken hau euskarazko itzulpen eta guzti. Eta ezaugarri nagusi gitarra, bibotea eta pipa zituen gizonari egindako omenaldietatik, "La princesse et le croque" eta "Lehenik adiskideak". Baita heriotza zigorraren kontrako "Le gorille" ere, Buenos Airesen jaiotako Maria Lavalle kantari ibiltariak emana.
Georges Brassensen itzala itzela dela-eta, frantsesez ez beste hizkuntza batzuetan ere entzun ditugu bere zenbait kantu. Gazteleraz Loquillo rockzaleari, katalanez Joan Manuel Serrat sonatuari, eta euskaraz Anje Duhalde jaunari.
Duhaldek, frantziarraren hamalau kantu euskaratu eta "Georges Brassens kantari" plazaratu zuen milurtako hasieran, Baionako Luna Negra aretoan hirukotean eta zuzenean grabaturiko lana; bi kantu entzun ditugu bertatik. Euskal Herriko musikariekin jarraituz, "Herria eta hizkuntza" sortzeko, Mikel Laboa zenak Brassensen "Ez dago maitasun zoriontsurik" kantua inspirazio iturri izan zuela ezagun denez -melodia bera dute bi kantuek-, alderatu egin ditugu bi abestiak, Laboarena eta Poom bikoteak egindako berrirakurketa alderatuz.
Aipatutakoez gain, bi rock talderen ahotsean ere entzun ditugu Georges Brassensen kantuak, haurrekin abestu duten Les Ogres de Barback eta Bordeleko Noir Desir taldeenetan.
* Saioa osatzeko, Itziar Ugarte Irizarrek kazetariak urriaren 21ean Berria egunkarian idatzi zuen "Brassens, kantari "zaharren" gaindiezintasuna" idatzia izan dugu makulu.
★ Support this podcast on Patreon ★