Urpeko Bonbarda

Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da Urpeko Bonbarda.
Larogeita hamazazpigarren saioan, rock&rollaren aitzindari Jerry Lee Lewis piano joleari eskaini diogu saioa, zendu berritan. Eta entzun ditugu: AL GREEN / MILLION DOLLAR QUARTET / CHUCK BERRY / LINDA GAIL LEWIS / JERRY LEE LEWIS.

Show Notes

urpekoBONBARDA #097

Zuzeu Podcastek aurkezten du:
Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

Laurogeita hamazazpigarren saioan, 2022ko urriaren 28an, eta 87 urte zituela, hil zen Jerry Lee Lewis jaunari monografikoa eskaini diogu, rockanrollaren aitzindarien artean bizirik zen bakarra zelako. Saioa osatzeko, gainera, Itziar Ugarte kazetariak Berria egunkarian idatzi izan dugu ardatz.

Bere emanaldi kaliputsuetan agertu zuen suhartasunagatik da ezaguna Luisianako piano jole estatubatuarra, The Killer goitizenaz ezaguna. Grina horrexen adibide dira entzun dizkiogun bi kanturik ezagunena, "Whole Lotta Shakin´ Goin` On" eta, batez ere, "Great Balls Of Fire"; biak ala biak 60ko hamarkada baino lehen plazaratuak.

Aipatu kantuen aurretik baina, Al Green entzun dugu "My God is Real" abestuz, kantu honexen berrirakurketa boogie-woogie bat egiteagatik kaleratu baitzuten Jerry Lee Lewis eskola ebangelikotik. Baita Million Dollar Quartet deituriko laukotearen kantu bat ere, hastapenetako garaien lekuko. Sun Records diskoetxe sonatuan Elvis Presley, Carl Perkins, Johnny Cash eta Jerry Lee Lewis berak osatu zuten, aldi laburrez, urrezko laukotea, elkarrekin egindako grabaketa apurrak hamarkada batzuk geroago plazaratu bazituzten ere.

The Killer gartsuarekin jarraituz, 60-70eko hamarkadan -oholtzatik kanpoko afera batzuekin gainbehera ezagutu eta gero (adin txikikoa zuen lehengusinareki ezkondu zen, berbarako)- jo zituen country kantuetako batzuk ere ezagutu ditugu, Janis Joplinek ezagutzera emandako Kris Kristoffersonen "Me and Bobby McGee" kantuaren berrirakurketa tarteko dela. Baina iragan hamarkadan, XXI. mendean jada, Jerry Lee Lewisek lagunekin duetoetan emandako zenbait kantu ere, Mick Jaggerrekin kantatutako The Rolling Stonesen "Dead Flowers" adibidez, azkenaldian izan zuen suspertzearen lekuko. 

Gainontzean, Jerry Lee Lewisen arreba Linda Gail Lewis ere entzun dugu kantuan, nebaren antzera, piano jole kaliputsua baita azken hau ere. Eta zendu berriaren belaunaldi aitzindaria ahotan hartu dugunez, rockanrollaren beste erraldoietako bat ere entzun dugu, Jerry Lee Lewisek pianoari su eman zionekoetan presente izandako Chuck Berry, "Little Queenie" joz.
★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.