Urpeko Bonbarda

urpekoBONBARDA #118

Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

Batzuetan parrandarako aitzakia baino ez dira jaialditzarrak, baina musika talderik sonatuenak erakartzeko indarra dute, sos publikoak lagun. EHZ eta jazz jaialdiak apropos aparte utzita, honako Urpeko Bonbarda hau Azkena Rock eta Bilbao Live jaialdietan joko duten taldeekin osatu dugu, Andoaingo Rock jaialdiari, Bilboko Music Legends eta Donostiako Boga Boga festibal sortu berriari ere tokia eginda.

Andoaingo Rock jaialdian, rock zalea eta doakoa, Bordeleko Chocolat Billy taldea izan omen da aurtengo sorpresa, Jon Pagola musika kritikariari Ruta 66 aldizkarian irakurri diogunez, eta beraiekin abiatu dugu saioa Gasteiz aldera jo aurretik.

Azkena Rock jaialdia aitzakia hartuta kultuzko bi talderen kantu bana entzun dugu. Batetik Nick Saloman buru duen The Bevis Frond, eta bestetik The Undertones taldearen lehen singlea, 1977ko “Teenage Kicks” ereserki zoragarria.

Orain artekoak baino gazteagoa da Jim Jones All Stars taldearen proposamena, honek ere hasieretako rockanrollaren izpiritua duen arren; zuzeneko sutsu eta basatiak ditu ikur.

Rancid, The Pretenders, Incubus eta Iggy Pop dira aurten Azkena Rock jaialdiko afixa buruak, eta beraiekin batera Lucinda Williams. Gainera, iraganeko okerrak zuzentzeko asmotan edo, aurten inoiz baino emakume gehiago izango da oholtza gainean, oraindik ere bide luzea dugun arren parekidetasunerako.

Lucinda Williamsek 70 urte bete ditu aurten, lau hamarkadatik gora daramatza oholtza gainean gitarra eskutan hartuta kantari, eta egona da aurretik ere Azkena jaialdian. Egungo estatubatuar letra egile bikainenen artean egotea aitortzen zaio, eta miresmen ikaragarria du blues eta country eszenan.

Luisianakoa baino apur bat gazteagoa da Chris Isaak kaliforniarra, AEBetakoa hau ere, mundu mailan ezaguna zer eta “Wicked Game” kantutzarrari esker, batez ere. Aurten Bilboko Legends festibalean jokou du, besteak beste Willis Drummond lapurtarrekin batera.

Saioaren bigarren txanpan bogan diren soinuei ere lekua egiten dien Bilbao Liven joko duten taldeak entzun ditugu, baina egia esan, ez gara lar urrundu rock soinuetatik.

Hasteko Idles post punk taldearen “Brutalism” diskoko kantu bat entzun dugu; Joe Talboten gidaritzapean zuzeneko txundigarriak ematearen ospea dute. Eta 90eko hamarkadan indie rock eszenan arrakasta handia izan zuen Pavement ere entzun dugu, Stephen Malkmusen gidaritzapean bueltan dena.

Pavement afixa buru izango dira Kobetamendin, Chemical Brothers, Phoenix, Artic Monkeys eta Florence & The Machine taldeekin batera. Florence Welchek gidatzen duen taldeak sona handida du egun, guri urruti samar gelditzen zaigun arren. Saioan entzungo dugun “You´ve Got the Love” kantuak (“Lungs”, 2009), berbarako, kasik 500 milioi entzunaldi ditu Spotifyn.

Bilbao Livekin bukatzeko, anomalia atsegin bat aurkeztu dugu, Tinariwen, nazioarteko kritikari modernoenen oneritzia aspaldi jaso bazuten ere, horrelako jaialditzar baterako harrigarri egiten zaizkigunak. Tuareg taldea dugu Tinariwen, desertuko bluesa deitzen denaren ordezkari nagusiak egun. “Amatssou” diskoa dute aurkezgai, eta bertatik entzun dugu “Tenere Den”.

Bukaerara helduta, eta Donostian Boga Boga izeneko jaialdi berri bat iragarri dutenez, bertan joko duen Ana Arsuaga, aka Verde Prato tolosar bakarlariaren azken egitasmoak, “Adoretua” itxi du saioa.

★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.