Urpeko Bonbarda

urpekoBONBARDA #130

Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

1996an sortua, Euskal Herrian egiten diren musika jaialditzarretan aitzindaria dugu Euskal Herria Zuzenean, uztailaren 1etik hurbilen dagoen asteburuan izaten dena. 2024 honetan, azken bost urtetan Irisarrik hartu duen festibala Amikuzeko Arberatzen izango da lehen aldiz, Baxe Nafarroan, ekainaren 28-29-30ean.

EHZn euskal musika da nagusi, aurten inoiz baino gehiago, baina izaten ditu nazioarteko taldeak ere, eta hauetako batzuk entzun ditugu. Saioa Cocanha bikotearen polifonia hipnotikoek ireki dute okzitanieraz kantatuz, eta Parisko Vox Low laukoteak itxi. Bien artean, bi bateria eta sintetizadore batek osatutako Meule taldea ere ezagutu dugu, baita Old School Funk Family ere, Maceo Parkerren funk musika eta Fela Kutiren afrobeat doinuak eredu dituen fanfarria.

Festibal txaranga zalea da EHZ, eta batzuk aipatzen hasita, ezin aipatu gabe utzi aurten bertan izango dela Broken Brothers Brass Band ere. Iruñearrek Ibil Bediren “Orain bat gara” kantuari egindako berrirakurketa entzun dugu saioan.

Aparte, eta Euskal Herriko musika paisaian azkenaldian eman den aldaketa estilistiko eta sonikoaren erakusle, Ke Lepo eta Benizze egitasmoen kantu banan entzun dugu. Grises taldeko teklatu jole ohi Alejo Orbegozo zestoarraren bakarkako egitasmoa da Ke Lepo, eta Gasteizko Montauk taldeko kide izana den Beñat Goitiarena Benizze.

Euskal eszenarekin jarraituz, Unai Madariaga gidari duen Bilbo inguruko Ezezez taldearen kantu bat entzuteko parada ere izan dugu, eta aurki Arberatzen izango diren eskarmentu handiko artisten ordezkari, Anari, Su Ta Gar… Gorka Urbizu hautatu dugu, “Hasiera bat” zuzenean aurkeztuko baitu EHZn, larunbat gauez.

Bukatzeko, Ipar Euskal Herriko hiru talderen abesti banak borobildu du saioa. Batetik, Moi Moi kolektiboko kide Peio Erramuzpe sararraren Haira egitasmoa ezagutu dugu, Elizanbururen olerki klasikoak musikatu dituena; jarraian Karma, rock gordinetik edaten duen hirukoaren “Odolean dena” diskoko lagin bat entzun dugu; eta azkenik Willis Drummond taldeko bateria jole Felix Buff jaunaren bakarkako egitasmoa hautatu dugu, Rüdiger, zehazki bigarren lan dotoreari izenburua ematen dion kantua: “The Dancing King”.


★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.