Urpeko Bonbarda

Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da Urpeko Bonbarda.
101. saioan Michael Jackson zenaren "Thriller" izan dugu mintzagai, argitaratu zela 40 urte bete diren honetan. Eta entzun ditugu: (100!), Lander Garroren "Faith" nobelak eman digu gaia, musika erreferentziaz josirik baitago. Eta entzun ditugu: THE JACKSON 5 / MANU DIBANGO / RIHANNA / HAZURBALTZAK / POMPLAMOOSE / VIJAY IYER / MICHAEL JACKSON.

Show Notes

urpekoBONBARDA #101

Zuzeu Podcastek aurkezten du:
Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

Urpeko Bonbardaren 101. saioan historiako diskorik salduenetako bat izan dugu mintzagai. 1982ko azaro bukaeran plazaratu zen Michael Jackson zenaren “Thriller”, eta berrargitaratu egin dute orain, jatorrizko diskoari makina bat bitxikeria gehituta; kantuen zirriborroak, nahasketa berriak eta beste.

“Thriller” plazaratu zenerako izar handia zen Michael Jackson, eta saioa bere ahotsez egindako lehen grabaketarekin hasi dugu –The Jackson 5 taldearen 1969ko “I Want You Back”-, eta azkenarekin itxi -hil ostean plazaratu zen “Michael” diskoko “Best of Joy”, 2009an grabatua-.

Hiru harribitxi dira aipagai dugun diskoak izan zuen arrakastaren erantzule nagusiak, “Thriller”, “Billie Jean” eta “Beat It”. Lehenaren jatorrizko zirriborroa Michael Jacksonen ahotsean entzun dugu, baina kantuak jatorrian izandako zirriborroan, “Starlight”, 40. urtemugako edizio bereziak duen berrikuntzetako bat. Beste biak beste artista batzuek egindako berrirakurketetan; Ondarroako Hazurbaltzak taldeak joa “Billie Jean”, 1991ko debut diskoan emana; eta Pomplamoose bikoteak kantatua “Beat It”.

“P.Y.T. (Pretty Young Thing)” jatorrizko diskotik jaso dugu, diskoa irekitzen duen “Wanna Be Startin´ Somethin´” bezala. Azken kantu honek badu bitxikeria bat bere baitan, azpitik entzungai duen “ma-mako, ma-ma-sa, mako-mako ssa” esaldiarekin lotua. Jatorriz Manu Dibango kamerundar saxofoi jolearen “Soul Makossa” lanean entzun zen lehen aldiz esaldia, eta Barbadoetako Rihanna kantariaren “Don´t Stop the Music” kantuan azken aldiz. Bi horiek ere entzun ditugu Urpeko Bonbardan.

Bederatzi kantuk osatua dago jatorrizko “Thriller” diskoa, eta horietatik sei entzun ditugu saioan, hiru Michael Jackson beraren ahotsean -ezagutu berri dugun zirriborroan bat-, eta beste hiru bertsioen bitartez. Azkena “Human Nature”, Vijay Iyer piano joleak jazz moldean joa.

* Saioa osatzeko, Berria egunkarian Mikel Lizarraldek idatzitako "Pop musika irauli zuen diskoa" izan dugu ardatz.
★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.