Urpeko Bonbarda

Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da Urpeko Bonbarda.
Larogeita hamabostgarren saioan, galegoz kantatutako musika eszena ezagutu gura izan dugu. Eta entzun ditugu: BAIUCA / BOYANKA KOSTOVA / OH! AYATOLLAH / VERTO / ESTEBAN & MANUEL / ORTIGA (GRANDE AMORE) / FAMILIA CAAMAGNO / NOVEDADES CARMINHA / ATAQUE ESCAMPA / BIFANNAH / MUNDO PRESTIGIO / RODRIGO CUEVAS (ORTIGA).

Show Notes

urpekoBONBARDA #095

Zuzeu Podcastek aurkezten du:
Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

Laurogeita hamabostgarren saioan, eta 70.-nean kataluniarrarekin egin genuen legez, egungo Galiziar musika eszena ezagutu gura izan dugu, bizitasun handia duela-eta. Entzun dugun apurrarengatik, gainera, esango genuke han ere, gurean bezala, gutxinaka gutxinaka pop eta rocka baztertzen ari direla, musika urbanoa deiturikoaren mesedetan.

Galizian egindako musikari, "feita en Galiza", eskainitako saioa folktronika jorratzen ei duen Alejandro Guillán pontevedraren Baiuca egitasmoa ezagutuz abiatu dugu. Eta bide beretik dabilen Rodrigo Cuevas artistarekin itxi. Oviedokoa da Cuevas, eta asturieraz kantatzen du, baina "La magia de tu melena" Ortiga galiziarrarekin elkarlanean eman du; A Coruñan egindako erresidentzia artistikoaren emaitza. Biak ala biak, Baiuca eta Rodrigo Cuevas, tradizioa berritzen dabiltza.

Nola Cuevasek asturiarrez, portugesez kantatzen du Vigon sortutako Bifannah laukoteak, oso musika nahasketa interesgarria jorratuz, 60ko hamarkadako rocka, latin soula eta tropicalia lisergikoa. Mundo Prestigio bere aldetik, konpostelar laukotea, frantsesez mintzatuko zaigu "La Maison du Bonheur" aurkezteko.

Galizieraz entzungo ditugun beste guztien artean, bada normalean gazteleraz egiten duenik ere, Novedades Carminha, berbarako. Joan den martxoan iragarri zuen hamabost urte inguruko jarduna bertan behera uzten zutela. 

Konpostelar post punk taldeak bezala, rock musika jorratzen du A Coruñako Familia Caamagno taldeak ere, pop melodia dantzagarriak joz; eta B serieko rocka egiten du Konpostelan sortutako Ataque Escampe taldeak, soul, funk eta krautrock kutsukoa. Oh! Ayatollah ere konpostelarrak dira, kutsu nihilistako pop kaliputsura lerratutakoak.

Gainontzean, musika urbano deiturikoetan koka genitzake aipatzeke ditugun lau taldeak -ohikoa da egitasmo ezberdinetan musikari berberak aurkitzea-, Galizan oso bogan ei den musika tropikalerako joerarekin.

Galizierazko trapa jotzen lehenengoetakoa izan bide zen Boyanka Kostova, "flow costumista -edo- twerking ruralaren" aitzindariak; baita Rias Baixaseko bi musikarik osatutako Verto bikote banatu berria ere, askok "Oie Gayego" kantuarekin ezagutu genituenak.

Esteban & Manuel bikoteak espiritu berbenazalea mantentzen ei du, izugarri maite duten musika latinoaren bitartez bizirik mantendu nahi izan dutena, beraiek psikokunbia edo, autotunearen erabileragatik, kunbiatune deitzen duten egitasmo dantzagarria sortuz. Bikoteko kideetako batek, Manuel Gonzalezek, Chichok, bakarka ere arrakasta dezente erdietsi du azkenaldian, Ortiga egitasmoarekin. Arestian esan bezala, karibear kutsuko musika urbanoa jorratzen du konpostelarrak, eta Grande Amoreren laguntza izan du "Acostumbrao" ontzeko. Oh! Ayatollah taldeko kide Nuno Picok bakarka darabilen izena da Grande Amore.
★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.