urpekoBONBARDA #121
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
Maite dugu surfa Urpeko Bonbardan, edo zehatzago, surf rocka. Gauzak horrela, hamalau kantu bizkor eta freskagarri dakartzagu gaur. Eta jakin badakigu zerrendako talde guzti-guztiak ez direla surf rock talde klasikoak.
Saioa Radio Birdman australiar punk rock talde aitzindariarekin abiatu dugu, "Aloha Steve & Danno" kantuan, ezer baino lehen, itsasoko olatuak entzuten dira-eta. Eta rockaren azpigeneroan bete-betean murgildu aurretik, El Vez ere entzun dugu, Elvis Presley imitatu baino, haren figura bere egin eta AEBetan mexikar jatorria harro aldarrikatzen duen showman bikaina. Bi hauek bezala, The Sadies taldeak ere ez du surf rock musika propio jorratzen, baina kanadarrak hain dira trebeak ipar amerikar sustraia duen edozein musika genero jo dezaketela maisutasunez.
Surf rock gitarraren errege Dick Dale jaunaren kantu arrakastatsuenarekin sartu gara uretan, "Misirlou". Jatorrian Mediterraneo ekialdeko herri kantu bat dugu, Grezian ezaguna oso, Dick Dalek pop kulturara ekarri zuena, eta geroztik ehundaka aldiz berrirakurri izan dena.
Surf rock talde klasikoak 1958-1962 bueltan sorturikoak dira, laukoteak eta estatubatuarrak gehienak. Guztien artean kuttunen The Ventures ditugu, "mila talde sorrarazi zituen taldea", gitarra elektrikoen garapen eta zabalkundean izan zuten eragin itzelagatik. Eta haiekin batera, The Shadows talde britainiarra, Cliff Richard laguntzeko talde gisa sortua eta rock instrumentalean aitzindaria; "Pipeline" kantutzarra ondu zuen The Chantays eta "Wipe Out" singlearekin aurkeztuko ditugun The Surfaris, biak ala biak Kaliforniarrak. The Trashmen, bere aldetik, Minneapolisen sortutakoa da, eta beraz, AEBetako surf rock talde itzaltsuena itsaso ertzean sortu ez direnen artean.
Aurrekoak baino askoz berriagoak dira The Drums eta Mundaka. Lehenak New York hirian sortu ziren joan den hamarkadan, eta lehen disko homonimoan argi utzi zuten zen zuten asmoa: "Let´s Go Surfing". Bigarrenak peruarrak dira, Liman sortu laukotea, eta izenean argi uzten dute dream pop, reggae eta jazzarekin batera, surf rocka jotzea dutela maite.
Bukaera aldera, surf rockak izan duen talderik arrakastatsuenari erreparatu diogu, The Beach Boys. 60ko hamarkada hasieran eta Kalifornian sortu ziren hauek ere, AEBetan, baina ahots harmoniek eman zien gaur egunera arte luzatu den itzala. Agudo lortu zuten arrakasta, nerabezaroari gorazarre eginez. Gainera, inbasio britainiarrari eutsi zion estatubatuar talde bakanetakoa izan zen The Beach Boys, besteak beste The Beatlesi. Hauk ere aise sar genitzakeen gaurko zerrendan, baina gurago izan dugu saioari Los Straitjacket maskaratuekin bukaera eman, fab four deituen "I Feel Fine" berrirakurriz.
Eta Euskal Herrian zer? Surf rockak baino estima handiagoa izan du surfak, eta The Uski´s dugu surf gitarrak astindu dituztenen artean nabarmendu den taldea. The Beach Boys bezala lehengusu eta anaien arteko taldeak, Ibarrangelu eta Elantxobe bueltako euskaran abestuz, lau Lp plazaratu zituen 2005-2015 tartean. Azal moreko "Barikun" diskoan Volswagen Kalifornia eta surf taulak ageri zituen; bertako kantua da "Gabero zu barik".
★ Support this podcast on Patreon ★