Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
Laurogeigarren saioan, bost urtetan nortasun propioa erakutsi duen Zarauzko
ADARRETATIK jaialdiari so jarri gara, ohiko pop-rock doinuez haratago, dantzarako proposamena egiten duena, emakumeen eta euskal artisten partaidetza bermatuz.
Bosgarrena duen aurtengo edizioan, jaialdiak iazko eskaintza bikoiztu eta zortzi proposamen dakartza uztailaren 15etik 17ra bitarte. Horietatik zazpi entzun ditugu ohi baino laburxeagoa den Urpeko Bonbarda honetan.
Austrian jaio eta Kanariar Uharteetan hezitako
Hannah bizizalearen pop atsegina entzunez hasi gara, neskatoa Zarautzen bizi baita egun. Eta
Birkit egitasmoarekin jarraitu, Birkite Alonsok
"Inertzia" azken diskoa lantzeko osatu duen laukotean bi zarauztar daude-eta.
Pop eta rock doinuekin girotu ostean, dantzara jo dugu soul eta funk hirukote indartsu baten eskutik. Hasteko,
Fundación Tony Manero, 25 urte eta zortzi lan luzeko ibilbideari bukaera ematear den bederatzikote katalana; Zarautzen izango dira El Último Baile birarekin.
Arima Soul taldeak etxean joko du, partaideen artean baititu festibalaren gidari Mikel Makala eta hau bezala Zarautzen bizi den Lidia Insausti kantaria -
Urpeko Bonbarda #006 saioan elkarrizketatu genituen-. Eta bukatzeko, The Excitements taldearen kantari ezagutu genuen Koko-Jean Davis, jatorri afrikarra duen kantariaren egitasmo berria:
Koko-Jean & The Tonics, Bartzelonatik datorren laukotea.
Bukatzeko, beste EHko bi talde, biak ala biak jazzera lerratuak, oso modu ezberdinean bada ere. Batetik
Broken Brothers Brass Band iruñear fanfarrea, New Orleanseko moldea dakarrena aurtengo
"Katebegia" diskoan -
Broken Sisters kantariekin batera izango dira festibalean-. Eta bestetik, bartzelonaratutako Juan de Diego tronpeta jole bizkaitarraren azken egitasmoa. Gorka Iraundegi (organoan) eta Borja Barrueta (baterian) lagun dituela,
Juan de Diego Trio triok
"Grebalariak" jazz disko dotorea plazaratu du aurten.