Urpeko Bonbarda

Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da Urpeko Bonbarda.
Ehun eta bigarren saioan, soul musikako klasiko handi batzuk gomendatu dituen Luis Lapuente adituari jaramon egin diogu. Eta entzun ditugu: THE TEMPTATIONS / GLADYS KNIGHT & THE PIPS / MARVIN GAYE / OTIS REDDING / OSCAR BROWN JR. / SAM COOKE / CURTIS MAYFIELD / RAY CHARLES / JAMES BROWN / STEVIE WONDER / SLY & THE FAMILY STONE / THE ISLEY BROTHERS / FOUR TOPS / ARETHA FRANKLIN.

Show Notes

urpekoBONBARDA #102

Zuzeu Podcastek aurkezten du:
Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

Urpeko Bonbardaren 102. saioan soul musikak izan dituen diskorik gogoengarrienetako batzuk izango ditugu hizpide. Luis Lapuente madrildar medikuak soul musikari buruzko hiru liburu idatzi ditu, aditu eta zale amorratua baita, eta azkena aurkezterakoan El País egunkariak 15 lan ezinbesteko gomendatzeko eskatu zion. Horiek profitatuta, 14 kantu entzungo ditugu gaurko Urpeko Bonbardan.

Ahots harmoniak jorratzen dituen The Temptations taldearen "My Girl" ezin ezagunagoarekin abiatu dugu saioa, eta soul musikaren erreginarekin itxi, Aretha Franklin dirdiratsuarekin.

Tartean apur bat ezezagunagoak diren pare bat musikari ere izan ditugu, 1973an "Imagination" diskoa plazaratu zuen Gladys Knight & the Pips eta Oscar Brown Jr. berbarako, azken honi entzun diogun "Work Song" kantua espainiar Raphael ezagunak zein Akatz bizkaitar ska taldeak berrirakurria izan bada ere. Apur bat itzaltsuagoak dira, taldeei dagokienean, “Givin´ it Back” diskoan folk klasikoak moldatu zituen The Isley Brothers, Levi Stubbsen ahotsak gidatzen zuen Four Tops edo Sly & the Family Stone, zeinaren 1969ko "Stand!" diskoari izenburua ematen zion kantua ereserkitzat hartu zuten Pantera Beltzek. Gainontzean, ondo ezagunak dira entzungai izan ditugun beste artista guztiak.

Bukaera tragikoa izan zuten Sam Cooke eta Marvin Gaye izarrei kantu bana entzun diegu. Biak ala biak gazte hil ziren, tirokatuak. Baita Otis Redding erraldoiari ere, 26 urte baino ez zituela hegazkin istripu batean zendua bera -The Rolling Stones berrirakurtzen entzun dugu-.

Ray Charles eta Stevie Wonder handietan handiek ere badute antzekotasunik, beltzak eta txiroak ez ezik itsuak ere baziren arren arrakasta handia erdietsi zuten-eta. Lehena zuzenean entzun dugu, 1960ko "In Person" diskoan, eta bigarrena, 1973ko “Innervisions” maisulanean -urte bikaina soul musikarentzat-, bete betean zela.

Bukatzeko, beste bi erraldoi aipatuko ditugu. Batetik Curtis Mayfield, faltsetearen eta soul sofistikatuaren erregea. Bestetik, funkaren asmatzaile eta hip hoparen aitzindaritzat har daitekeen James Brown, soularen aitapontekoa, seguruenera musika beltza zuzenekoetara eramaten gehien asmatu zuena; pistak erritmoz eta amorruz bete zituena!
★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.