Urpeko Bonbarda

Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da Urpeko Bonbarda.
Laurogeita hamahirugarren saioan, bost amerikar artista indigena aurkeztu ditugu, bost emakume musikari: FAWN WOOD / MARÍA REYNA / LIDO PIMIENTA / KAÊ GUAJAJARA / ELISAPIE.

Show Notes

urpekoBONBARDA #093

Zuzeu Podcastek aurkezten du:
Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

Laurogeita hamahirugarren saioan, bost amerikar artista indigena aurkeztera gatoz, bost emakume musikari.

1994an Nazio Batuek horrela erabaki zutenetik, herri indigenek abuztuaren 9an dute beren eguna, baina Amerikan, edo Abya Yalan, gero eta gehiago dira urriaren 12a indigenen erresistentziaren nazioarteko eguntzat hartzen dutenak, Espainiak Hispanitatea ospatzen baitu, zapalkuntzan oinarritutako festa. Gauzak horrela, indigena izateaz harro agertzen diren bost musikari dakargu asteongo saioan (Ameriketako jatorrizko herrietakoak), Rising Voices egitasmoaren laguntzarekin.

Ipar Amerikako Cree eta Salish herrietako arbasoak dituen Fawn Wood entzunez abiatu dugu saioa. Cree hizkuntzak hiztun asko dituen bitartean -badira aldizkari eta egunkariak creeraz-, desagertzeko arrisku bizian dira 23 salishan hizkuntzetako batzuk. Kanadan, hauek berreskuratzeko lanean ari dira egun, baina iraganean debekatuak izan zituzten hizkuntza indigenak. Fawn Woodek unibertsitatean ikasita berreskuratu zuen bere arbasoen hizkuntza. 2021eko "Kâkike" du azken diskoa.

María Reyna oaxakar sopranoa dugu, mexikar lurraldekoa, eta mixe opera jorratzen du. 2019an "Orgullosa soy raíz"plazaratu zuen Joaquín Garzón Rivera piano jotzaile eta orkestra zuzendariaren laguntzarekin, opera, jazz eta bolero aireak dakartzan lana.

Barranquillan jaioa, Lido Pimienta queer kantaria wayú herrikoa da, egun Kanadan bizi bada ere. Kolonbiar kunbia eta bullerenge erritmoak uztartzen ditu elektronika eta hyperpop-arekin, arrakasta handiarekin. "Miss Colombia" du azken diskoa, 2020ko herri musiken zerrendetako gailurrean izan zena.

1993an jaioa, Kaê Guajajara kantari ez binarioa Rio de Janeiroko faveletan hazia da, Brasilen, eta guayayara jatorria du -hortik darabilen izena-. Ekintzaile indigena ere bada, hirietan bizi diren indigenei buruz kantatzen baitu, ama hizkuntza duen ze´egeteraz, brasildar funk eta hip hop erritmoak lagun. Iazko "Kwarahy Tazyr" du azken emaitza diskografikoa.

Boskotearekin bukatzeko, Quebeceko inuita dugu Elisapie Isaac -artistikoki Elisapie, abizenik gabe-, azken diskoa 2018ko “The Ballat of the Runaway Girl” duena, eta herri indigenen iraunkortasunari kantatzen diona. Bina kantu entzungo dizkiogu bakoitzari, Elisapieren kasuan, bana ingelesez eta frantsesez.
★ Support this podcast on Patreon ★

What is Urpeko Bonbarda?

Suzko arma bat eta musika tresna bat da bonbarda, eta Anartz Bilbaok gidatuta, Zuzeu Podcastek urpetik dakarren musika saioa Urpeko Bonbarda.